3. Ardatza · Durango ARNASTU
2018ko datu ofizialak eta 2030eko proiekzioa, Energiaren eta Klimaren Durangoko Tokiko Planaren arabera (2022, joera-agertokia). Tarteko urteko balioak estimazioak dira bilakaera irudikatzeko.
Garraioa da dagoeneko isurien iturri nagusia — totalaren %60 — eta neurririk gabe %70era igoko da. Mugitzeko era, energia kontsumoa eta kontsumo-ohiturak aldatzeak du eragin handiena Durangoko karbono-aztarnan. Horregatik, ARNASTU ardatzak eraldaketa sistematikoa planteatzen du: bidegorri sarea, garraio publikoa indartu, energia berriztagarriak eta tokiko zirkuituak.
ARNASTU ardatzak Durangoko energia-trantsizioa eta mugikortasun jasangarria biltzen ditu. Hiru ardatzetatik sistemikoena da: BERDETUk natura-azpiegitura eraikitzen du, FRESKATUk espazioei bizia ematen, ARNASTUk aldiz hiria barnealdetik eraldatzen du CO₂ isuriak murrizte aldera eta airearen kalitatea hobetzeko.
Lehen urteetan hasiko direnak · 2027
Durangoko mugikortasun-ereduaren diagnostikoa eta 2027–2031rako plan estrategikoa: bidegorri sarea, garraio publikoa eta isuri gutxiko eremuak sistema kohesionatu batean integratu. Aholkularitza teknikoarekin lankidetzan.
Dauden bidegorrien konexio-hutsuneak identifikatu eta beteko ditugu. Lehentasuna: ikastetxeetara, merkataritza-gunera eta tren geltokirako ibilbideak. Bizikleta eguneroko garraio aukera erreal bihurtzeko azpiegitura segurua eta jarraitua.
Udal eraikinen energia-auditoria eta neurri zuzenak: LED argiztapena, isolamendua, termostato adimentsuak. 2030erako Udalaren energia-kontsumoa %35 murriztea da helburua, 2018ko kontsumoa erreferentzia hartuta.
Inbertsio handiagoa · 2028–2031
Bizkaibus eta Euskotren zerbitzuekin negoziazioa maiztasuna handitzeko. Udal interlokuzio aktiboa Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarekin. Iurretako geltokitik Bilbo-Donostia tren linearen aprobetxamendua bultzatu, eta San Fausto inguruko autobus geldialdia indartu.
Hiriguneko gune jakin batzuetan ibilgailu motordunen sarrera mugatuko dugu asteburuetan: oinezkoen eta bizikleten lehentasuna. Airearen kalitatea hobetu eta espazio publikoa berreskuratzeko neurria, Joxe Miguel Barandiaran kalean egin den antzera.
Udal eraikin nagusietan eguzki-plakak instalatu: udaletxea, kirol instalazioak, kultur etxea. Autokontsumo kolektiboa eta tokiko energia komunitateak sustatuko ditugu, energia berriztagarria tokian bertan ekoizteko, partekatzeko eta kudeatzeko. District heating sistemaren bideragarritasuna ere aztertuko dugu.
Tokiko ekoizle, banatzaile eta kontsumo-taldeen katalogoa egin (2027), eta gero aktibatu: udal merkatua indartu ekoizle lokalekin, ostalaritzarekin akordioa produktu lokala lehentasunez erabiltzeko, kontsumo-taldeak lagundu. Ekonomia lokala indartu eta garraio-isuriak murrizteko neurri estrategikoa.
Udal basoetatik ateratako biomasa energia lokala sortzeko bideragarritasun-azterketa. Basogintza eta energia-trantsizioa uztartzeko aukera estrategikoa, BERDETUrekin zuzenean lotuta.